Egubakoitzak kartzelan III

2012/04/24 at 0:33 (Uncategorized)

Badator Egubakoitzak kartzelan, maiatzeko ostiraletako gauetan kartzela zaharreko kanpo eszenatokia kontzertu edota ikuskizun lasaiez betetzeko asmoz sortutako egitasmoaren hirugarren edizioa.

Aurreko edizioen balorazio oso baikorra egin dugu eta hortik irten da hirugarren hau antolatzeko indarra. Aurreko bi hilabetetan gaztetxeko patioa leku magiko batean bihurtu zen eta bertan kartzela zaharrera etortzeko ohitura ez dutenak ere gerturatzea lortu genuen, guztion artean atmosfera berezi bat sortuz. Oraingoan ere ez dira kandelak, kafea, txokolatea, tonika eta lanparak faltako.

Aurreko formatuari eutsiko diogu, kontzertuak gaueko 22:00etan hasiko dira, inoiz baino puntualago eta kontzertu guztien sarrera hiru eurokoa izango da. Emanaldi guztiak bergarako irrati libretik, Txapa irratitik igorriko dira zuzenean 97,2 FMan eta www.txapairratia.org atarian.

Hemen daude bidaia honetan lagundu gaituzten musikariak: (Mezu amaieran proposamen guztien nondik norakoak)

(Pentekoste jaiak direla eta maiatzak 25eko kontzertua hurrengo astera pasa dugu, ekainak 1era)

Txertatutako irudia 1

Kartela handiago ikusteko

Maiatzak 04 – Anari eta Joseba Irazoki

Anari belaunaldi eta mugimendu guzti baten isla da. Aurkezpenik behar ez duen bakarlaria, kultuzko arrakasta. Azkoitiarraren musikak aingurak altxa eta barruak dantzatzen dizkizu, irla bilakatzen zaitu. Amua ez da txikia. Kartzela zaharreko aspaldiko laguna den Anari bakarlari formatuan arituko da kontzertu berezi bezain interesgarri honetan.

Joseba Irazoki hamaika aurpegidun musikaria da. Zaila da berako bardoaren ibilbidea laburtzen: Onddo, Do, Atom Rhumba, On Benito, Rafa Rueda eta hamaika kolaborazio mota guztietako proiektuetan. Gutxi dira kantutegi tradizionala modu esperimental eta berritzailean jorratzen ausartu eta bizirik irteten direnak, konbikzioz eta zorotasun koherentez idatzitako bidaia da Irazokirena, bakarrik zein taldean, beti du zerbait oparitzeko prest.

Maiatzak 11 – Estankona eta Bertso-tavern

Borja Estankona musikari gazteak gertutik eta sentimenduz abesten du. Adinez gaztea izan arren, esperientziadun artista da Estankona. Gutxiago gehiago dela erakusten duten horietako bat, Egubakoitzak kartzelan-eko gauerako ondo lagunduta etorriko den arren.

Bertso-tavern proiektuan, izenak aurreratzen digun bezala, bertsoak dira erdigune. Bertsoen oinarritik ordea, musika eta erritmo biziko hitz jario musikatua sortzen da, bertsolaritzaren irekidura beste behin ikusgarri utziz. Tabernatik haitzulora zortziko txikian. Manex Agirre, Ander Solozabal eta Julen Zulaika dira proiektu honen atzean dauden artistetako batzuk.

Maiatzak 18 – Jon Gurrutxaga eta Giranice

Blues eta rock erritmoak odolean daramatza.Txikitatik bizi izan du musika. Entzule bezala, lehenik, eta kantari eta bateria-jotzaile moduan, ondoren. Musikazaletasu-nak irratira eraman zuen eta irratiari dion maitasunak, kazetaritzara. Arima Beltzarenak egin zuen eta Jon &Sugramas taldearekin aritu ondoren, bakarlari moduan etorriko da kartzela zaharrera.

Eremu oso ezberdinetan ibilitako musikariak bildu dira proiektu berri honetan. Kanta berean erritmo eta matiz aldaketa bortitz zein leunak uztartzen dituzte melodia batek gidaturik. Mezu baten ordez, egoera bat transmititzeko helburuarekin egiten dute iturri oso desberdinetatik edaten duen musika instrumentalista. Honetarako, rockean oinarritzen diren gitarren gainetik bibolin batek gidatzen du kantaren ildoa. Beraiengan ohikoa izan ez arren, erronka onartu eta formatu akustikoan ariko dira edizio honetako bitxikerietako bat izanik.

Ekainak 01 –  Mara-mara eta Markos Untzeta

Mara-mara proiektuaren bi erpin nabariak Igor Arzuaga (Aurrez mara bezala aritu zena egubakoitzak kartzelan-eko azken edizioan) eta Luis Vil zinemagile eta musikari ospetsua dira. Biei artista zerrenda nabarmen bat gehitzen zaie proiektu berri honi gorputza emanez.

Markos Untzeta herrialde anglofonoetan hezitako musikaria da. Ingalaterran igo zen lehen aldiz taula gainera. Londres eta inguruko hirietan ibili ez ezik, Bahametara ere iritsi zen bere gitarrarekin. Euskal Herrira bueltatzean berriro euskaraz idazten hasi zen.Bere musikak garbi erakusten du zein den bere bidea: pop-rock estiloa, blues-folk ukituekin. Eta zeintzuek izan duten eragina berarengan: Bob Dylan, Neil Young, Bruce Springsteen, Van Morrison…

Kandela eta musika artean ikusiko gara,
Bergarako gazte asanblada

Advertisements

2 iruzkin

  1. Egubakoitzak kartzelan ekimena egingo dute asteburu honetan Bergaran | topatu said,

  2. Egubakoitzak kartzelan ekimena Bergaran | topatu said,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: